XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

11. Atala

SANTA CRUZ APAIZA

Bigarren karlistada ikusi dugunean Manuel Ignazio Santa Cruz Loidiren izena eta piska bat izana ere, hots, Santa Cruz apaiza agertu da.

Manuel Santa Cruz Gipuzkoako Elduainen jaio zan.

Berastegitik Tolosa alderako lenengo errian Errekan jaio zela eta nik ez dakit zer geiago asmatu duten liberalek, badakigu ordea, Samoa deritzaion baserrian jaio zala 1842 garreneko orrilaren 23 garrenean.

Asmatzen asiz gero nik ere asmatuko....

Honela hasten da Orixeren Santa Cruz Apaiza izeneko liburuaren 4. txatala, berak dioen bezala.

Badago bada, non irakurri euskara jator eta aberatsez, Santa Cruz apaizaren bizia eta heriotzaz, itxaropen eta oinazez, nahi eta ezinez.

Manuel Gasteiza estudiatzera joan aurretik Tolosan ibili zen latina eta gainerako zenbait gai ikasten lehengusu zuen Sasiain apaizarekin, gero Gasteizen apaizetarako gainontzekoak egingo zituen eta 1866ko maiatzaren 25ean apaiztu egin zen.

Apaiz egin ondoren Apezpikuak Hernialdera bidali zuen apaiz laguntzaile gisa; geroago Erretore izendatuko zuen eta han aritu zen 1870ean liberalek preso hartu zuten arte.

Baina, zergatik hartu nahi zuten preso?

Dirudienez, salaketa bat izan zen tartean eta elizan sermoietan gobernuaren kontra ari zela edo, diote batzuek, baina egia oso bestelakoa da.

Garai hartan Frantziatik arma-piloa ekarria zen eta Tolosako Orkaiztegi apaiza gauez herri-ingurura ateratzen zen armak hobeto gordetzeko, konfidantzazko jendearen eskuetan ipintzeko eta Santa Cruz apaiza eginkizun honetako partaide zen.

Agintariek nola edo hala honen berri izan zuten eta Tolosatik deitu egin zioten ager zedin, baina apaizak ez zuen kasurik egin; orduan batailoi bat bidali zuten Hernanialdera bere bila.

Soldaduak iritsi zirenean meza ematen ari zen eta bukatzeko baimena eskatu zien; meza bukatu ondoren seroraren etxean baraua hausten uzteko erregutu zion kapitainari, eta honek baietz.

Seroraren etxean, Urrutietxea izenekoan, (...).